Agenda

Atzealdea

Emakumeen aurkako indarkeriaren nazioarteko eguna

Azaroak 25ean Volar dokumentala eskainiko da Berastegin arratsaldeko 18:00etan, balio anitzeko gelan.
25 AZA
Kultura

Azaroak 25a egun seinalatua da gure egutegietan. Aurtengo egunaren harira, Bertha Gaztelumendik zuzenduriko Volar dokumentala eskainiko da Berastegin. 

Dokumental hau, aurtengo Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten eta harrera bikaina izan zuen. 

Iraganean genero-indarkeria bizi izan duten bederatzi emakumek asteburu bat elkarrekin emango dute landa-eremuan, eguneroko bizitzatik urrun. Askotariko adinak eta lanbideak dituzten emakumeak badira ere, gai dira hitzen beharrik gabe elkar ulertzeko. Indarkeria horren infernuari aurre egiteko izan duten adoreak elkartzen ditu, baita hortik bizirik irten izanak eta pairatutako sufrimenduari zentzua eman nahiak ere. Gainera, beste emakume batzuen eta gizartearen esku jartzen dute beren bizitzako ibilbidea, biktimismorik gabe.

Bertha Gaztelumendi, kazetaria eta Bake eta Gatazken Konponbide Ikasketetako Masterra Bradfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua). Gaur egun Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako ikerlari kontratatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Dokumental hauek idatzi eta zuzendu ditu: Mariposas en el hierro (Tximeletak burdinean, 2012), askotariko indarkerien biktima izandako emakumeen inguruan; Nigar franko egingo zuen aitak (2014), gerraosteko Amasa-Villabonako testigantzak jasotzen dituena; eta Las buenas compañías (2015) Nuria Casalekin batera zuzendutako film laburra.