Berriak
2023·11·02
Klikatu hemen adierazpena irakurtzeko
Gaur jakin dugu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin dituela Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu. Udal Legea garatzen du dekretuak, eta hizkuntza ofizialen erabilera arautzen du. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak uztailean Udal Legeari buruz emandako epaiaren ostean, Dekretuaren aurka egin du Auzitegi Nagusiak. Epai hauek euskararen ofizialtasuna bera ere zalantzan jartzen dute, askotan Udal Legeak arautzen ez dituenak ere aurreikusiz, modu prebentiboan.
Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalarekin onartu zuen epaitegiek baliogabetu nahi duten Udal Legea, eta azken Inkesta Soziolinguistikoak ere argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hauek euskararen biziberritzearen aurkakoak ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoak ere badira. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen dute auzitan.
Horren aurrean, honako hau adierazpen hau egin nahi du Udalak:
- Kezkaz eta larritasunez hartu dugu euskararen indarberritze-prozesuaren aurkako epai hau. Testuingurua ere kontuan hartu behar da: azkenaldian gisa bereko epai batzuk iritsi dira, eta guztietan berbera izan da norabidea. Epai hauek traba dira urteotan euskara sustatzeko bidean adostasun handiz eraiki den orubearentzat.
- EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak bete-betean eragiten die UEMAk eta bertako kide diren udalek urte askoan jorratutako lan-ildoei: hizkuntza-plangintzari eta kontratazioari, adibidez. Udalak helburu nagusien artean du udalerrian euskara normalizatzea eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta sententzia honek oztopoa besterik ez dakar. Hori jarri baitu ezbaian auzitegiak: euskararen normalizazioa. Euskara lehenestearen aurka egin du, gaztelania baztertzea delakoan. Ez da halakorik: minorizatutako hizkuntza aurrerabidera eramatea da, eskubide guztiak bermatzeko.
- Sententzia horiek bereziki eragiten diete udalerri euskaldunei, horietan ari baitira hartzen euskaraz funtzionatzeko neurri gehien. Hori oztopo bikoitza da euskararen indarberritze-prozesuarentzat: batetik, galga jartzen diete euskara normalizatzeko neurri aurreratuenei, eta normalizazio-prozesuak badauka horren premia; bestetik, euskarak indar handiena duen lurralde-eremuei eragiten diete, eta gune horien premia gorria du euskarak. Udalerri euskaldunek ezinbestekoa dute lege-babesa.
- Udalerri euskaldunetan, hainbat arlotan aurrera egin du euskarak hamarkada hauetan, baina oraindik bada zertan eragin. Udalean bertan ere urrats handiak egin ditu euskarak, eta gaur egun, zerbitzu-hizkuntza ez ezik, lan-hizkuntza nagusia ere bada euskara. Horretan jarraitzeko asmo sendoa du Udalak, eta aurrerantzean ere martxan jarriko ditu bere esku dauden neurri eta plangintza guztiak. Euskara da gure udalerriko hizkuntza propioa, eta hori sustatzen jarraitzeko konpromisoa dauka Udalak. Justiziazkoa da.
- Udalak, asmo hori garatu ahal izateko, ezinbestekoa du lege-orube sendoa. Hortaz, Udalak dei hau egin nahi die lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakunde guztiei: nork ere eskumenekin eta elkarlana oinarritzat hartuta, urra dezagun bidea euskararen indarberritze-prozesua lege-babes sendoarekin hornitzeko.
- UEMAk bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon antolatutako manifestazioarekin, eta epai honek beste arrazoi bat jarri du kalera ateratzeko: euskararen aurkako oldarraldia eten egin behar da. Horregatik, UEMAko kide den heinean, euskararekin bat egiteko eta Bilboko mobilizazioan parte hartzeko deia egiten die Udalak herritarrei.
2023ko urriaren 17an